Elkarrizketa Hitzan

2014-02-19

Igor Erzilla: “Gernikeko Lekuek musika jaialdia desberdina eta ederra izango da”

Elkarrizketa: Busturialdeko Hitza

Igor Erzilla (Gernika-Lumo; 1976) Trinkete Antitxokoko kidea da, eta Gernikako Lekuek musika jaialdiako antolakuntza lanetan parte hartu du. Dioenez, «jaialdi ederra» izango da. Hala, kulturaz bustitzeko deia egin du Trinketekoak. Lekuek jaialdia Trinkete Antxitxokoak, Iparragirre Rock Elkarteak, Astrak, Lizeo Antzokiak, Fiakunek eta herriko zenbait tabernarik antolatu dute elkarlanean. Jaialdiaren helburu nagusiak, «gauza berritzaile bat eskaintzea, eta neguan herriari bizitasuna ematea» dira. Erzilla baikor azaldu da, eta jaialdi arrakastatsua izango dela deritzo. Kontzertuez gain, hitzaldiak, ikusentzunezko saioak, musika azoka, eta tailerrak antolatu dituzte, besteak beste.

Martxorako Lekuek musika jaialdia antolatu duzue. Nola bururatu zitzaizuen horrelako zerbait egitea?

Egia esan, proiektuan parte hartzen dugun eragileon artean beti izan dugu gogoan horrelako jaialdi bat antolatzea. Nolabait esateko, laino artean zegoen, eta egitasmoari bizia ematea erabaki dugu aurten. Urte asko daramatzagu bertoko herritarrei programazio kultural bat eskaintzen, eta zerbait desberdina egin nahi izan dugu. Azken finean zera egin dugu: aste beteko gure programazioak bateratu ditugu, eskaintza ikaragarri ona eginez. Bertokoa Austin-en (AEB) egiten den musika jaialdi baten kopia xumea dela esan daiteke.

Zein da jaialdiaren helburua?

Helburua nagusia musika zaleek gozatzea da. Hala, herriko agenda kulturalean jaialdi hau finkatu nahi dugu, urtero-urtero gure eskaintza kulturala aste betez batuz. Herriari bizia eman nahi diogu, kulturaren bitartez. Horregatik, ez dugu gura jendea karpa erraldoi baten geratzea. Musika zaleak herriko gune desberdinetatik ibil daitezen bilatzen dugu. Hala, tabernarien inplikazioa ere oso garrantzitsua izan da, alde horretatik. Arimak, Arranok, Aterpek, Atxur-ek, Irrintzik, J&Bk, Lagun-Etxeak, Ospak, Zaplastek eta Zepellinek parte hartuko dute jaialdian, ekintza desberdinak antolatuz.

Areto txikiak batuz jaialdi handi bat egin nahi duzue?

Handia izateak ez gaitu bereziki betetzen. Gure txikitasunean ere, gauza oso ederra egin dezakegu. Ez daukagu handizaletasunik. Ez da talde handirik behar, produktua erakargarria izanez gero.

Musika abiapuntutzat harturik, kultura sustatzea da helburua?

Bai, hala da. Ez gara musika kontzertuetara mugatzen, musikak beste esparru batzutan ere eragin baitu. Jaialdiari amaiera emateko, esaterako, musika azoka bat antolatu dugu. Hitzaldiei dagokionez, bestalde, musika estilo baztertuei buruzko bat eta musika feministari buruzko beste bat antolatu ditugu, besteak beste.

Kontzertuei dagokionez, talde eta musikari on asko batzea lortu duzue. Pozik zaudete?

Egitarau polita osatu dugula deritzot, eta pozik gaude. Ez da zailegia izan musika taldeak erakartzea, baina bada kasualitatez etorriko den musikari bat ere. Malcolm Holcombek, esaterako, ezustean joko du Gernika-Lumon. Nazioarte mailako musikaria da estatu batuarra, eta, horrenbestez, kontzertu ona izango dela deritzot. Duela bi urte ere, bera ekartzen ahalegindu ginen, baina azkenean ezin izan genuen. Lekuek jaialdian jotzeko, bestalde, egun batez luzatu dugu egitaraua. Izan ere, martxoaren 9an bakarrik jo zezakeen berton. Ez genuen gehiegi pentsatu baiezkoa emateko.

Zein abantaila dauka bonoa erosteak?

Bonoa erosiz gero, kontzertu guztietara joateko aukera dute musika zaleek. Bonoak 20 euro balio ditu, eta kontzertu solte bat ikusteko, bestalde, bost euro ordaindu behar dira. Bonoa erosten dutenek, hala ere, ez dute sarrera ziurtatuta izango. Aretoek edukiera mugatua dutenez, guztiak pasa behar dira leihatilatik sarrera jasotzeko. Bonoak erosi dutenek ere, kontzertua hasi baino apur bat lehenago jaso behar dute sarrera. Hala egin ezean, eta aretoa beterik egonez gero, kanpoan geratuko dira pertsona horiek. Kontzerturen bat ikusteko interesa izanez gero, hortaz, aretotik apur bat lehenago pasatzea gomendatuko nuke.