Gernikako LEKUEK festibala jaio da

2014-02-05

Martxoaren 9tik 16ra hainbat espazio, estilo eta musikazale batuko ditu modu parte-hartzailean antolatutako festibalak.

Gernikako musikari eta musikazaleok batu egin gara musika arloko ekimen bateratu bat egiteko. Sarritan gure kabuz egin ohi duguna astebeteko programazioan batu dugu. Hainbat espazio, estilo, egiteko modu batzen dituen festibala da Lekuek. Urtean zehar Gernikan egiten diren dozenaka kontzertuen izaerari eutsi nahi dio, hau da, zaletasunetik abiatzen da, behetik gorakoa da, era parte-hartzailean landutakoa, irekia, elkarlanean oinarritutakoa, autentikoa.

  • Lekuek festibalak izaera deszentralizatua du. Leku bakoitzak edo eragile bakoitzak erabakitzen du zein talde ekarriko duen eta nola antolatuko duen. Beraz, nortasun propioa duen musika ekimena da, berau antolatzen duten pertsona eta eragileek ematen baitiote nortasuna festibalari.
  • Festibala ez da erakuslehio hutsa, izaera aktiboa edo eragilea du. Musika eta kulturaren inguruko eztabaida, ideia-trukea eta harreman sare berriak sortu nahi ditu. Horregatik mahai-inguruak, topaketak eta antzerako jarduerak egongo dira.
  • Urtean zehar Gernikan egiten diren dozenaka kontzertuen izaerari eutsi nahi dio. Gernikan zuzenekoak egiten dauden leku ezberdinak -publikoak nahiz pribatuak (Trinkete, Astra, Iparragirreren lokalak, Fiakun, Lizeoa, Bunkerra, Juan Kaltzada kaleko tabernak)- baliatzen ditu aste beteko programazio bat osatzeko.