Lunes gernikes, kolperik bez

2014-03-11

“Lunes gernikes, kolperik bez” dio esaerak, baina atzo goizetik hasi ziren gernikarrak lanean Lizeo antzokiko ekitaldia ahal bezain ondoen prestatzeko. Eta merezi izan zuen, hunkigarria izan baitzen!

Mahai-inguru ezin interesgarriagoarekin hasi zen ekitaldia, Itoiz musika taldeko abeslari izan zen Juan Carlos Pérezekin eta Gatibu eta Espaloian musika taldeetako gitarra-jolea den Haimar Arejitarekin; gidari lanetan, Itoizi buruzko biografia idatzi duen Jon Eskisabel kazetaria izan genuen. Besteak beste, 14 urtetan Itoiz taldeak izandako aldaketa eta garapenaz aritu ziren solaskideak. Taldearen erroak gogoratu zituzten; Indar Trabes-etik Itoiz izatera nola pasatu ziren, plazaratutako lehenengo diskoak ekarri zituzten gogora eta Musikaz blai (1983) diskoak taldeari ekarritako arrakasta musikal eta artistikoaz ere jardun zuten. Izan ere, disko hau mugarri izan zen taldearentzat; sortu berri zen olatu indartsu horren maila mantentzea zaila izan bazen ere, Espaloian diskoak (1985) lortu zuen olatuak indarrik ez galtzea. Horren adierazle argia da diskoa plazaratu eta ia 30 urtera Itoizen disko hura omentzeko Espaloian izeneko musika-talde bat sortzea. Haimar-ek kontatu zuenaren arabera, arratsalde batean sortu zen Espaloian, lagunei telefono-dei batzuk egiteari esker. Berak 9 urte zituen Espaloian kaleratu zenean eta aitak kotxean izaten zuen beti cassette-a. Barruraino sartu eta sekula ateratzen ez diren abestiak berarekin daramatza geroztik eta, orain, kanporatzeko aukera dauka sortutako talde berriari esker.

Mahai-inguruaren ostean, Espaloian taldeko kideak taularatu ziren txalo artean: Alex Arana (ahotsa), Haimar Arejita (gitarra), Gaizka Salazar (bateria), Daniel Asua (baxua) eta Ander Erzilla (saxoa). Bikain aritu zen taldea, estenografia sinple bezain ederra atzean zuela. Espaloian diskoa 9 abestik eta 40 minutuk osatzen badute ere, taldeak Itoizen kanta gehiago jo zituen ordubete inguruko zuzeneko ahaztezina eskaintzeko; besteak beste, Marea gora, Ezekielen prophezia, Lo egin, Elurretan eta Lau teilatu gehitu zituzten zuzenekoan.

Publikoaren erantzuna ere izugarria izan zen. 18:30etarako jendea pilatzen hasia zen Lizeo inguruan, sarrerarik barik geratzeko beldurrez. 320 pertsona inguruk gozatu genuen Itoiz berriro zuzenean bizitzeko aukeraz. Askok ezin izan zuen aguantatu besaulkian geldi egotea eta, musikaren melodiak sorginduta, dantzan jarri zuen gorputza. Txalo zaparradarekin amaitu zen saioa; publikoa, belarri-bihotzak asetuta, zutunik jarri zen esker ona adierazteko.

Bistan dago Itoiz taldea desegin arren, haren ondare musikalak bizirik jarraitzen duela gugan.